1901eko maiatzaren 21ean, Lapurdi Luhusoko Salaberrian sortu zen Joseph Lafitte baigorriar guardaren eta haren andre Maria Viela uztariztarraren semea, Pierre bataiatu zutena. Alfred deitu anaia bat sortu zen geroxago, gazterik hil behar zena, eta gainera 8 eta 6 urte zituztelarik doi-doia, bi anaiak umezurtz gelditu ziren, aita eta ama biak zenbait aste barne zendurik.
Pierre tikia osaba izeba batzuek berekin eraman zuten orduan Ziberoa aldera, Ithorrotze herrixkararaino. Hango izebak Biarnesa baizik ez jakinez, Lapurdiko euskara galduxe zuen, nahiz frantses apur bat herriko eskolan ikasi.
Dassance deitzen zen orduan Ithorrotzeko apeza, geroxeago Arnegiko erretor izendatuko zutena. Pierre Lafittek laguntzen zuen apeza tipidanik elizako urratsetan eta egun batez aitortu zion jaun erretorari berak ere nahi zuela, handitu eta, apez izan. Hamaika urtetan sartu zen beraz apezgaitegian 1912ko urriaren 3an Ahurti hiriko Beloken. Gerla denbora zen, aro dorpea izanki eta ihardoki zuen halere Pierre tikiak eta arazorik gabe maila guziak iganik, Baionako Seminario nagusi berrian sartu zen, gerla ondoan, bere lagunekin eta gerlari ohi askorekin batean.
Haren izpiritu erne eta zorrotzaz jabetu ziren laster, seminarioko irakasleak eta bereziki Jean Saint-Pierre eta Clément Mathieu. Hauek berak gerla egin aitzin, gaingainetik eskolatuak ziren eta biak geroago apezpiku izan beharrak.
Jean Saint-Pierre, ordukotz ezaguna zen, J.S.P. edo Anxuberro izenpean Baionako Eskualduna astekarian eta Bilbaoko Euzkadi egunkarian, idazle eta hizlari bikain gisa. Honek zuen euskal gaietara bildu 20 urteko Ithorroztar apezgaia, eskuratzen zizkiola hasteko, Arbelbideren Erlisionea, Ithurryren Gramatika eta Azkueren Hiztegia. Eta denbora laburrik barne 1921eko Gure Herria aldizkari berriak argitaratu zuen gure euskalzale gaztearen lehen artikulua, Ithurry-ren lapurtar hizkuntza ikertzen zuena.
Clément Mathieuk aldiz, inarrosi zuen behin gogorki bere ikasle gaztearen gotorleku intelektuala eta betikotz ireki jaunaren dei eztiari, ordurarte, haren barne muinak hersten zion atea.
1924eko Jondoni Petriretan, Baionako katedralean apeztu zen Piarres Lafitte eta Frantzia-behereko Tolosara bidali zuten, letretako lizentzia prestatzera. Ez ziren debalde izan han iragan hiru urteak, ikasketez bestalde, han ezagutu baitzuen hurbiletik Piarres Lafittek, aita Pierre Lhande, Baionan jaio, euskaltzain jesuita eta idazle ezaguna. Tolosako esperientziak finkatu zuen gainera gure apez gaztea bere aburu etiko-sozialetan.
1926eko udazkenean Uztaritzen genuen Piarres Lafitte seminario berria estreinatzen zuten irakasleen artean eta 1927an azken urte bat Tolosan egin ondoan, bizi guzikotzat 1928ko urtetik hara frantses, latin, greko, aleman eta, nola ez euskal irakasle bezala, ezagutuko dute zenbait ehun ikaslek, 1985eko martxoaren 23an Baionako ospitalean zendu eta, Uztaritzeko hilerrian ehortzi zen arte.
Anartean, Piarres Lafittek ibili dituen urratsen eta egin dituen idazlanen kontu emaitea ez da erraz. Erran dezagun halere bi zatitan bereiz genezakeela, XX. mendea bera bezala, gure irakaslearen bizia: lehen zatia loake Piarres Lafitten jaiotzatik, II. mundu gerla amaitu arte, 1901etik, 1945era; bigarren zatia aldiz, II. mundu gerlaren ondotik, euskaltzainaren heriotzeraino, 1945etik, 1985era.
1901-1945
Eta gure iduriko, haren bibliografiari eta gutundegiari behako bat emaiten badiogu, bizitzaren lehen partean, hots, 25-45 urte tarte horretan, eman ditu Piarres Lafitte euskalzaleak bere fruitu garrantzitsuenak, euskal munduan behingotz haren ospea finkatu dutenak.
Sasoi horretan kokatzen dugu alabaina, aita Pierre Lhanderi, bere Eskual-Frantses Hiztegia egiteko, Philippe Aranartek eta biek eman zioten baitezpadako lauzkaldia (1926-1938). Eta ondotik, eskaini ziguten Vocabulaire français-basque delakoa (1941).
Hor berean aurkitzen ditugu ere Eskualdunen loretegiaren lehen zatia (1545-1800), oihartzun handirik gabe, egia erran, 1931 an argitaratua, Les compositeurs de cantiques basques, Gratien Adéma Zalduby et Jean Barbier (1933) eta Le basque et la littérature d’expression basque en Labourd, Basse Navarre et Soule (1942) erdaraz eman hitzaldiak.
Urte beretan ditu argitaratzen Lafitte gazteak, Simon Durruty zenaren Elizako liburu ttipia arrakastatsua (1932), Julien Heguy zenaren Maiatza edo Mariaren hilabetea (1932), berak egin Ithurralderen kantuak (1932), Koblakarien legea (1935), Jesu Kristoren bizitzea edo ebanjelio ttipia (1939), Hazila edo hilen hilabetea (1943), Kantuz eta Errepikan, euskal kantu liburu biak, (1940, 1944).
Ez ditugu bada aipatu Blaise Adéma, Jean Saint-Pierre eta Domingo Soubelet apezek jarraian arteztu Eskualduna astekariari Piarres Lafittek, Uztaritzetik, bidali 200ez gorako artikuluak, ez eta ere Laurent Apesteguy-ren lankide bezala lehenik eta gero Clément Mathieuri esker 1930ean eskuratu zuen Gure Herria hilabetekarian, gerla jin aintzin, argitaratu mota guztietako 70 idazkiak.
Ez genezake bada nehondik ahantz, 1933etik 1944era, Piarres Lafittek, Uztaritzetik sortu Aintzina mugimendu politikoaren eta izen bereko aldizkariaren historia. Baina gai horretaz argi eta garbi hitzegiteko, behar da irakurri, jakina, 1933an, Baionan euskaraz eta erdaraz argitaratu zen Eskual-Herriaren alde, “Pour le Pays Basque” eskualerrizaleen egitarau laburra, bai eta gero bi alditan (1934-1937 eta 1942-1945) agertu zen Aintzina aldizkaria bera, baina bestalde, argibide baitezpadako dateke oraindik argitaratu gabe dagon mugimenduaren gutundegia.
Erran behar dugu bizkitartean, Aintzina-ren asmo ederrak, beste anitzenak bezala, errotik moztu zituela 36 eko gerlak eta gero, 45eko garaitia(?)-ren ondotik bihurgune batean gertatu zirela Hegoaldeko abertzale asko bezala, Piarres Lafitte eta Iparraldeko eskualzaleak ere.
1945-1985
1940eko hamarkadaren erditan, 1944ean, Bordelen, Delmas baitan, argitaratu zuen Grammaire basque (Navarro-Labourdin littéraire) bere liburuak bazter orotan eman zion jakintsun ospeaz bestalde, larderia handiko gizontzat hartua zen bere Herrian Piarres Lafitte apeza eta horrela zuen berak orduan sortu, beste batzuek galbideratu zuten Eskualduna zenaren ordezkatzeko, gaurdaino sortzailearen jarraitzaile batzuen esku bizirik dirauen Herria astekaria.
Piarres Lafittek berak erraiten zuen batzutan, aste bakoitz, egun soil baten lana, astearteko lana, zuela Herria eta, egia da, 40 urte luze iraun duen bere biziko bigarren zatian, Herria-ren berak antolatzeaz edo gero bere ikasle ohi bati, Jean Hiriart-Urruty-ri edo Emile Larre-ri giderrak utzi-eta, haien laguntzeaz beste egitekorik izan duela euskal munduan Uztaritzeko irakasleak.
Hor ditugu alabaina, konta ahala, Herria-ren artikuluez bestalde, bereziki bigarren aldiko Gure Herrian (1950-1976) argitaratu idazlanak, Euskaltzaindiaren Euskera, Baionako Bulletin du Musée Basque, Iruñeako Fontes-ekoak eta besteak...
Pierres Lafitteri esker, 1972an berean, adibidez, franziskotarren Jakin-ek argitaratu zuen Manex Hiriart-Urruty-ren loretegi paregabea, Auspoa sortak Manex Etchamendy-ren bertso bilduma, Ikas-ek Salvat Monho-ren obra aberats ezezaguna eta Gure Herriak, Mark Legassek asmatu Gastibeltzaren karabinak euskaraz itzuliak.
Ikerlanez, argitalpenez eta artikuluez bestalde “Piarres Ithurraldek” gaztaroan ontu bertso, olerki ta antzerkien iturria agertu bazen ere, hona non “Eiherazain” xaharrak eskaintzen zizkigun orain Murtuts eta bertze edo ipuin umoretsu hautuzkoak, bai eta ere zenbait gogoeta sakon, edo bere baitarik ehoak: Idek eta Zabal gogo bihotzak titulupean edo Zaitegi adiskideak bultzaturik: Platon’eneko atarian eta Spinozari buruz.
Adinean aitzinatu arau etorri ziitzaizkion Piarres Lafitteri ohoreak eta ospakizunak: Euskaltzaindiak 1949an eskaini zion Georges Lacombe zenaren alkia, Baionako apezpikuak 1961ean egin zuen kalonje, Euskal Herriko Unibertsitateak aldiz 1982an “Doctor Honoris Causa”, baina ez zen horrengatik loakartu gure gizona, ez Euskaltzaindian, ez Elizako ez Unibertsitateko alkietan.
Eta Goiko Jaunak deitu duelarik bere ondora, bera beti gazte egonik, beti gazteak maitaturik, gazteagoei utzi dizkie betetzeko, berak eta bere kideko bakanek amestu hainbeste xede ausart: hala nola, Euskaltzaindiaren Gramatika, Euskal Herriko Atlasa, Leizarragaren edizio kritikoa, Iparraldeko Unibertsitatea eta zergatik ez, Euskal Herri burujabeak onarturik, Euskal herriko Eliza berri euskalduna.
Xabier Gasteiz